XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaztelania nagusi den herrietan, oinarrizko euskara-maila ziurtatzen duen eredu bakarra D da

Jose F. Lukas-ek irakaskuntza elebiduneko eredu zehatzetan haurrek matematikan lortzen dituzten emaitzak ditu ikerlan.

Juan A. Artamendik, bestalde, eredu elebidunetako ahozko testetan erabiltzen den hizkuntzaren eragina aztertu, eta azterketak egiteko aukeratzen den hizkuntzaren ondorioz sor daitezkeen okerrak ezagutarazi ditu.

Jose M. Madariagaren lanak, azkenik, irakaskuntza elebidunaren ereduetan lortutako emaitzetan jarrerek duten eragina ikertu du; baita ereduaren arabera hizkuntzekiko sor daitezkeen jarrera anitzak ere.

Lanaren helburuak

Editoreek bi helburu azpimarratzen dute Euskal Herrian irakaskuntza elebidunari buruzko ezartze edo ikerketa-egitarauak aztertzean: euskararen erabilera berreskuratzea eta normaltzea, eta, bestalde, hezkuntza-sistema berritzea eta hobetzea.

Lehenengo helburuari gagozkiolarik, eskoletan dihardutenek euskararen inguruan agertzen duten ezagupenik eza konpontzeko erronkari aurre egin behar dio eskolak dio liburuaren sarrerak; horretan datza, alegia, euskal eskolaren egitekorik garrantzitsuena; ezinbesteko ondorioak, beraz, erreformari ekitea izan behar du.

Gaur egun indarrean dauden hiru irakastereduak aztertzerakoan, tesi horiek datu aipagarri hau aipatzen dute: gaztelania nagusi den herrietan, oinarrizko euskara-maila ziurtatzen duen eredu bakarra D da.

B ereduaren barruan alde ederrak daudela esaten dute Idiazabalek eta Kaiferrek, hezkuntza-sarearen, irakasleen prestakuntzaren eta eskola-antolaketaren arabera.

Hala, B ereduan hezitzen diren batzuek D ereduan ikasten dutenen antzeko emaitzak lortzen dituzte; beste batzuk, aldiz, oso urrun geratzen dira euskararen gutxieneko mailatik.

A ereduan, azkenik, ez da inoiz lortzen indarrean dagoen legeriak eskatzen duen gutxieneko mailara heltzea.

Bestalde, liburuan ez da bigarren helburua aztertzen hezkuntza berritzea eta hobetzea lehena bezain sakon.

Izan ere, editoreen hitzetan, ez da erraza parametroak aurkitzea irakaskuntza elebidunaren hezkuntza-eraginkortasuna neurtzeko.

Hala ere, hezkuntzaren zientziak, irakaskuntza elebidunari buruzko ikerketak zehatzago esateko, beste eragile batzuk zehazten ditu.

Eragile horiek, era osatu eta egokiaz, egitarau edo hezkuntza-sistemen eraginkortasuna deskribitzen dute.

Ume elebidunen abantailak

Horri loturik, Baker ikerlari kanadiarrak, egitarau elebidunen arduraduna zela (Canadian Education Association, 1991), Kanadako administrazioaren emaitzak jaso, eta herrialde hartako zenbait egitarau elebidunen kalitate-erakuskariak edo abantailak aipatu zituen, bere Foundations of Bilingual Education and Bilingualism izeneko azterlanean.

Hona abantaila horietako batzuk:

- Autoistimu positiboa eta norbera bere jatorriaz harro egotea.

- Haurra eskolan eta gizartean hobeto integratzea.

- Beste kulturetakoak hobeto onartzea.

- Ezagutza- eta gizarte-garapena eta garapen emozional hobeak.

- Beste hizkuntz batzuk ikasteko erraztasuna.

- Lana lortzeko aukera gehiago.

- Erlazio sakonagoak etxearen eta eskolaren artean.

- Gizarte beharrei eta nahiei hobeto erantzutea.

Amaitzeko, horrelako ikerlanetan erabilitako metodologia azpimarratzen dute editoreek.

Horien esanetan, metodoek fidatzekoak izan behar dute; hau da, dagokien erreferentzia-zientzien ekarpenak kontuan hartzeaz gain, egoera elebidun bakoitzaren ingurune berezietara egokitu behar dute.

Bestalde, behar-beharrezkoa da ikerketak etengabe eguneratzea, hezkuntza-egoerak eta, bereziki, hizkuntzen arteko ukipen-egoerak maiz aldatzen baitira; hori horrela, litekeena da metodo edo irakaskuntza-egitarauak une jakin batean baliozkoak izatea eta hurrengoan zaharkituta geratzea.

Hizkuntza bat ikasteko ez da hain garrantzitsua aukeratutako metodoa edo ikasten emandako orduak, baizik eta, ikaslearen jarrera positiboa